Nahieran entzun ditzakezu adiskideen gogoeta sakonenak, hausnarketa intimoak eta kontakizun pertsonalak. Baita bururatzen zaizun edozer komunikatu ere, 24/7 zabalik dagoen kanal birtualaren bidez. Epifania txiki bat izan dut gaur: harremantzearen antonimotzat hartu dut Whatsapp, eta audio bidezko elkarrizketak honela definitzea erabaki dut: harreman parasozial bidirekzionalak. Harreman parasozial terminoa 1956an erabili zen lehen aldiz, intimitate-ilusio kontzeptuarekin azalduta. Ez al zaigu horixe bera gertatzen ahots-mezuz aurrez aurre baino gehiago hitz egiten dugun pertsona horrekin?
Nire kezka nagusia audio bakoitza bidali aurretik egiten den gidoi mentalean oinarritzen da. Baliteke entzun berri duzun mezu horretan adierazten den errukia edo entusiasmoa bosgarren saiakeran grabatutako emozioa izatea, ez berehalako erreakzioa. Horrek urrundu egiten gaitu benetako loturetatik. Gure sozializazio beharrak aseta geratu baitira zatituta jazotako sasi-solasaldien bidez.