Charli XCX

Erabiltzailearen aurpegia Zihara Etxeberria Agiriano 2026ko uztailaren 14a

10 urte ingururekin pagoak haritzengandik eta haritzak arteengandik bereizten nekien; nola?

Hostoen arabera, batik bat. Enborrari begiratuz ere ezberdindu daitezke, aitonak badaki. Berari esker eskuratu nuen abilezia. Txikitan ez nion garrantzi berezirik ematen, naturala zen aitxitxarekin basora joatean hark florari buruzko bitxikeriaren bat edo beste aipatzea. Guztiak nire barnean gelditzen ziren, arretaz entzuten nion. Orain, zuhaitzen izenak ahazturik, eta oreinak orkatzengandik bereizten jakin gabe, interakzio xume horien balioa ikusten hasi naiz. Poetikoa dirudi, nola nire arbasoekin bat-egitearekin, inguratzen ninduen naturaren sustraietara hel nintekeen. Horretaz jabetzeak arduratu egin nau. Izan ere, nire ondorengoei utziko diedan jakinduria oinordetzan pentsatzen jarrita, ez dut hain kontzeptu preziaturik aurkitu.

Pop kulturako hainbat erreferentzia, politikari buruzko ideia lausoren bat, bizitako esperientzien bertsio harroak, eta Charli XCX-ren abestien letrak pasatuko dizkiet seme-alabei. Agian, ongi dago, eta horrela behar luke; baina, nolabait, uste dut ez duela horrenbesteko balio sentimental zein folklorikorik, ezta erabilgarritasunik ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak