Zerbait ahaztezina sortu nahi dut. Bakarra, betierekoa, pertsonala eta partekatua. Jendetza dantzan jartzea da helburua. Nolabait, gau hartan nirekin sentitu dutena gogoratuko dute, beraiengan eragina izan duelako; esangura, modu berezi eta intimo batean. Eta ni… ez naute oroituko. Nitaz duten ideia alkoholak lausotua eta atzera begirako memoria selektiboak apaindua izatea nahiko nuke. Alias baten atzean gordez nire iluntasunak, kezkak, bakardadea… Bitxia da gizakiok elementu esanguratsu bat sortzeko dugun grina. Anbiziotsu, interesgarri eta konplexutzat irakurria izate nahi hori. Ihesbide bat sortze hutsa izan liteke, eta zer?
Artista, performer, DJ... Berdin dio nor zaren, sortu duzun oihartzunak zure barneko ahotsek baino burrunba handiagoa egiten duen bitartean. Dena da zilegi norbaiten biziraupena jokoan dagoenean. Kasu honetan, arteari buruz ari naiz. Artea, eta norbera. Sinbiosi interesgarria sortzen baita obra-autore loturan; ezin jakinik gelditu naiz ea nork sostengatzen duen nor. Beraz, gaur gauean, disko-jogailua eta binilo pare bat besterik ez naiz izango. Ados?