Agustin Zarketa Eluategi, 1921eko maiatzaren 10ean jaio zen eta 2004ko urrian zendu 83 urte zituela. Etxean danborrarekin hasi, gero dantza taldean, bandan saxofoia jotzen eta azkenik txistuarekin bukatu zuen. Txistu Bandarekin hamaika diana, iriarena, Korpusetako dantza eta kalejira joko zituen bere bizitzako ibilbidean. Horretaz gain, kanturako ere zaletasun handia zuen, eta Parrokiako koroko partaidea izan zen.
Gaztetan Donostia aldean izan zen ikasketak egiten, 19 urte arte. Soldaduzka Afrika aldean egin zuen. 1951ean ezkondu zen Pakita Alberdi osintsuarrarekin eta sei seme-alaba izan zituzten.
Esku lanetarako trebetasuna zuen eta marrazkigintza, kaligrafia, partituren idazketa eta etxetik zetorkion burdingintzan aritu zen.
Mendia, perretxikoak, eskaluak, sagardoa eta txoriak zituen zaletasun; jilgeruen txistuek alaitzen zuten Kale Barriako 24. zenbakiko kale artea. "Onraita" lantegian aizkoragintzan jardun zuen erretiroa hartu artean.
XX. mendeko 70eko hamarkadan Txistu Akademia sortu zuen Hijinio Iriarte txistu-kidearekin batera, etorkizunerako txistulariak prestatzeko asmotan. "Txistularia" aldizkariko bazkidea zen eta harremanak mantentzen zituen Gipuzkoako txistulariekin: Ansorena, Bonifazio Laskurain, Arozena, Mendizabal... Herrietako jaietan antolatzen ziren alardeetan parte hartzen zuen. Txistua, danboliña eta atabalarekin ikusten dugu Agustin beti dotore, zuzen eta aurrera begira.
Zeka elkarteak, bere jaiotzaren urteurrena aprobetxatuz, haren omenezko seilua eta postala atera ditu. Turismo Bulegoan egongo dira salgai: seiluak (150) eta postalak (90).
Eta hauxe da bere omenez 1987an egin zen kontzertuko esku orria.