Aretxabaletako Krokodiloa

Erabiltzailearen aurpegia Yera Sanchez 2016ko urt. 24a, 00:00

Badira hilabete batzuk Aretxabaletan krokodilo bat agertu zela.

Narrasti berdea isil-isilik heldu zen herrira eta bertan laster aurkitu zuen bere txokoa; hain zuzen ere, herriko horma zuri bat, Durana kaleak eta Basabe bideak bat egiten duten gurutzagunean dagoena.

Ordutik hortxe dago, goxo-goxo etzanda eta 7 metro luze. Egia esateko, xarma berezia ematen dio eraikin ertz horri; hau da, pintura galduta duen pareta erdi pitzatu horri. Zera, hormaren erliebearekin bat egiten du, krokodiloek nolabait ere kamuflatzeko izan ohi duten gaitasunak eraginda edo...

Nondik etorri den ez dakigu, baina gustura dago gurean, zalantzarik ez dago. Gogoan dut lehenengoz ikusi nuen hura, sekulako poza hartu nuen; liluratu egin ninduen zeharo. Halatan, lau haizetara zabaldu nuen lagunen artean nire aurkikuntza. Ordea, berehala jakin nuenez, ordurako herritar gehienek bazuten krokodiloaren berri, eta oso pozik zeuden gainera bizilagun berriarekin.

Esanak esan, nik ez dakit Debagoieneko beste herrietan baduzuen horrelako lagun berezirik, ez dakit gurea kasu isolatua den, eta ez dakit zergatik eta zertara etorri den gurea Aretxabaletara, baina gera dadila luzarorako. Izenik jartzen ez diogun artean, "Krokodilo" esango diot: Ongi etorri, Krokodilo!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak