Odriozolaren izena eta marrazkiak aski ezagunak dira gure artean, baina duela 30 urte, 1985ean zehazki, Euskal Herriko beste emakume ilustratzaile handi batek irabazi zuen sari bera –1978an bigarren saria eskuratu eta gero–: Asun Balzolak, hain zuzen.
Asun Balzola Bilbon jaio zen 1942an eta Madrilen zendu 2006an. Ilustratzailea ez ezik, idazlea eta itzultzailea ere bazen, eta, horrez gain, prentsan, publizitatean eta diseinu grafikoan ere aritu zen. Forgesekin batera, APIM Madrilgo ilustratzaileen elkarteko buru izan zen.
Aurten ere, urtero bezala, Eskoriatzako liburu azokan izan naiz eta Balzolaren bi liburu zahar topatu ditut. Zelako altxorra! Ingurukoei nire pozaren berri ematean, ordea, konturatu naiz gehienentzat ezezaguna dela eta ilustratzailearen marrazkiak ez dituztela inondik inora irudikatzen. Ziur nago txikitan guztiok izan dugula Anjel Lertxundiren Negua esku artean eta guztiok hunkitu gintuztela liburu horretako marrazkiek.
Goienako zutabetxo honek balioko ahal du Balzolaren izena gogora ekartzeko. Akaso, baten batek Interneten begiratu eta artista horren unibertsoarekin berriro gozatuko du, umetan bezala, baina orain jakinaren gainean.