Orduan hainbat animatzaile esperimentalistek, pinturaren alorrekoak gehienak, modu autodidaktan animatzen ikasi zuten eta teknika hori landu zuten: Javier Agirre, Ivan Zulueta, Ramon de Vargas, Jose Antonio Sistiaga eta Rafael Ruiz Balerdi, besteak beste.
Bestalde, animazio esperimentala alde batera utziz, tradiziozko animazioaren ildotik egindako lanei dagokienez, euskarazko lehen film laburra 1977koa da: Ekialdeko izarra (Juanba Berasategi). Lan hartatik abiatuta, zortzi urte geroago, Jaizkibel produkzio-etxea sortu zuten eta ordukoa da euskarazko lehen film luzea: Kalabaza Tripontzia (1985).
Nekez aurki daiteke Ekialdeko izarra filma, baina tira, film laburrekin hori ohikoa izaten da. Ordea, sinestezina zera da, animaziozko lehen film luzea euskaraz, berau Euskal Herrian egindako lehena, ez daukagu oraindik DVDan. Ez baldin baduzu aspaldiko VHS irakurgailu horietako bat, ezin duzu gaur egun Kalabaza Tripontzia ikusi. Youtuben filma osorik ikusteko aukera badagoela eta ez dagoela, eta zer! Film zoragarri horrek ez al zuen, bada, gutxieneko berredizio txukuna eta kalitatezkoa merezi? Berriro diot: noizko Kalabaza Tripontzia filmaren DVDa?