Animaliak –eta ugaztunak, bereziki– minarekiko eta sufrimendu fisiko eta psikikoarekiko sentikorrak diren izakiak direnez eta beren ezaugarri biologikoen arabera bizitzeko eskubide naturala dutenez, gizarte osoaren eta erakundeen defentsa eta babesa jaso beharko lukete.
Herri baten garapen-maila haren animaliei ematen zaien tratuan hautematen dela esan ohi dute, eta, horregatik, gure udalek aurrerapausoa eman eta animalien ongizatearen aldeko aldarrikapena egiteko garaia iritsi dela uste dut.
Gure herria gobernatzen dutenen proiektua errespetuan oinarritzen dela diote, eta balio horien artean elkarrekiko zaintza azpimarratzen dute. Printzipio horietan oinarritutako politika batek ez luke animalien aurkako tratu txarrik onartu beharko.
Gure udalek animaliekiko tratu txarrak baztertu beharko lituzkete, pertsonen aurkako indarkeria onartzen ez duten bezala –matxismoa, arrazakeria, xenofobia, homofobia, transfobia, bullying-a...–.
Ondo legoke gure udalek eta haien jai batzordeek zezenketarik ez antolatzea eta, hala, jaiez gozatzeko aukera izatea; animaliei sufrimendurik eragin gabe.
----------
Yolanda Jimenez Sudupe
Arrasate