Yaakar elkarteak Senegalgo Mbam komunitatearekin egindako elkartasun lana aurkeztu du Aretxabaletan

Erabiltzailearen aurpegia Yaakar elkartea 2026ko ekainaren 9a

Yaakar elkarteak elkartasun eta sentsibilizazio ekitaldia egin zuen maiatzaren 22an Aretxabaletako Arkupe kultur etxean, Senegalgo Mbam komunitatearekin duen harremana eta azken urteetan garatutako lana herritarrei gerturatzeko helburuarekin.

Ekitaldia 17:30ean hasi zen, eta guztira 25 lagun, hauen artean Aretxabaletako alkatea, Kurtzebarri Eskolako, Aretxabaleta Lanbide Eskolako, Mondragon Unibertsitateko eta Arizmendi Pro Ekimeneko irakasle batzuk bildu ziren. Lehenik, Mondragon Unibertsitateko ikasleek, Hegoi Amabizkak eta Jon Igartuak,  egindako bideo bat proiektatu zen. Ikus-entzunezko lan horrek Yaakar elkartearen jarduera, Senegalen bizi den errealitatea eta migrazio irregularraren atzean dauden arrazoi sozial, ekonomiko eta komunitarioak jorratu ditu.

Ondoren, hitzaldi-solasaldia egin zen Mbam komunitateko pertsonekin. Bertan, beraien egungo egoera, dituzten beharrak, orain arte jasotako laguntza eta etorkizunean laguntza hori nola jaso nahiko luketen izan zuten hizpide. Solasaldiak, Dualia itzulpenaren laguntzarekin, aukera eman zuen Senegalgo komunitateko kideen zuzeneko ahotsa entzun eta Aretxabaletako herritarrekin harreman sendoagoa eraikitzeko.

Antolatzaileek balorazio positiboa egin zuten ekitaldiaren inguruan; "benetan interesgarria" izan zela adierazi baitzuten Yaakar elkarteko kideek. Halaber, Mbam komunitateko ordezkariek konferentzian "herriko ordezkari politiko, sozial eta kultural ugari ordezkatuta egon zirela" nabarmendu zuten.

Yaakar elkarteak eskerrak eman nahi dizkie ekitaldian parte hartu zuten guztiei; Mondragon Unibertsitateko ikasleei, Mbam komunitateko kideei eta Aretxabaletako herritarrei. Aurrera begira, elkarteak lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du, Senegalgo komunitateekin elkarlanean eta entzutean oinarritutako elkartasuna sustatuz.

Harremanetarako:
Yaakar elkartea
(662 26 65 19)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak