Kontua da Kataluniako herria demokraziari buruzko lekzioa ematen ari zaigula, euren herrialdea Estatu (independente) bihurtu ala ez erabakitzeko duten prozesua eramateko lanetan. Homs, Mas, Junqueras eta enparauak dira ezagunenak, baina agian Carme Forcadell eta Muriel Casals, Assemblea Nacional Catalana eta Omnium Cultural-eko lehendakariak dira hurrenez hurren, inoiz Katalunian eman den gizarte mobilizaziorik handienetako ordezkari garrantzitsuenak eta eraginkorrenak; Katalunian independentzia zaleak iratzarri, antolatu eta abian jarri dituzten gizarte zibileko ordezkari lehenak. Jeloskor ere jartzen naute apur bat baina eman diguten ikasgaia eskertu baino ezin diet egin. Zerbait ikasiko bagenu!
Gu ere zerotik ez garela hasi behar? Ados, baina bidaia hau nola burutu asmatzeko, eredugarri bihurtu zaizkigu. Hasieran nion katalana ez ote dudan gehiago entzuten euskara baino hemengo hedabideetan; bai, exajeratu xamarra da; baina zenbat nafar euskaldunek ezingo luke baieztatu hori ?! Eskerrak, euskara Lingua Navarrorum dela! Eta bitartean Iribas kontseilari nafarra, euskarazko liburuen erabilpena debekatzen! Castell-gintzari bai!