Iragan igandean gertatu behar zenari buruz, iragan ostiralean idatzitakoa.
Aurretiaz bainekien zer gertatu behar zen. Euskal herritar andana ikaragarri bat, Euskal Herriko errepideetara atera da, Gure Esku Dago iniziatibari jarraiki, Durango eta Iruñea arteko 123 km. giza kate baten bidez lotuz. Eskuz esku, eskuz bidea eginez, gure eskubidez. Ikaragarria, izugarria, kolosala, paregabea izan da. Herri baten gehiengo oso handi baten borondatearen adierazpide.
Nazio bat gara, eskubidea daukagu eta gauzatzera goaz. Horixe irakur daiteke, atzo euskal paisaiaren erdian idatzi genuen giza lerroan; nagusi eta gazte, gizon eta emakume, argal eta lodi, itsusi eta eder, euskal gizartearen arlo eta ikuspegi guztiak izan ziren han; euskaldunok, gaurtik aurrera esan ahal izango dugu, eskubidea edukitzeaz aparte, eskubide horri eragin egingo diogula, eskuetan hartu dugula eta gauzatzera goazela; herri honi zor zaion errespetua, aitortu egin beharko diotela.
Bidera atera gara eta gure helburua lortu arte ez gara geldituko; norabidea adostuz, elkarlana areagotuz, geure nazio izaera gauzatu arte. Kito!