Baina duela aste batzuk Arrasateko plazan izan genituen anaia katalanek erakutsi ziguten elkartasunaren bidez nola lor daitekeen gaztelu (castell) bat elkartasunaren sinbolo bihurtzea.
Denon esku-hartzearekin, denok aletxo bat ipiniz, denok batera jokatuz, giza gaztelu bat osatu genuen. Tramankulu ikusgarririk gabe, gorputza gorputzarekin batuz. Datorren ekainaren 8an giza kate erraldoi bat osatuko dugu Iruñea eta Durango artean; eta egun horretan ere lotzen gaituzten kateak haustea izango dugu helburu; hain zuzen ere, lotzeko tresna moduan erabiltzen den katea, giza kate bihurtuz, eskutik eskura elkartasuna pasatuz, eskubidea gauzatzea. Posible den ala ez? Erantzuna bai da. Eskutik jokatu behar dugu. Esloganak berak dioen bezala: Gure Esku Dago.
Eta esku-hartzea gaitzat hartuta, hilaren 25ean dugu hitzordua: Europako Parlamenturako bozkak. Bai; ez da gure gustuko Europa; urruti geratzen zaigu; kapitalisten Europa da; baina inoiz Herrien Europa izan dadin nahi badugu eta EH, lehen moduan, Europako berariazko herri izan dadin nahi badugu, ezin gara gelditu besoak gurutzatuta; gure estatu propioa berreskuratu behar dugu; Eta hau ere Gure Esku Dago.