Nafarroako Bardeetan, hain zuzen ere; baina ez naturak sortutako ekaitza, Espainiar Armadak baizik; bai; “Ekaitza” bezala bataiatu dute, egiten ari diren maniobra militarren operazioa; eta inolako susmo txarrik izan ez dezagun, Espainiako Defentsa Ministroak, argitu digu, “beste gastu sozial” bat gehiago bezala kontsideratu behar dela “ekaitz” hau. Bat-batean ulertu dut! Nafar Gobernuko presidente Barcina eta enparauak zergatik diren errugabe? Egin dituzten iruzur, lapurreta eta xahuketa guztiak ere, gastu sozial kontsideratu behar ditugulako! Eta zakua betetzeko, Madrilgo Audiencia Nacionaleko horma artean gertatu dena. Han 34 euskaldun “epaitu” dituzte, makrosumario horietako baten baitan. Ondorioz, ekaitz juridiko eta mediatiko horren zurrunbiloan, hasiera batean ETAko kide izatearen akusaziopean eta azkenean (garaian legezkoa zen) Herri Batasuneko kide izateagatik, kartzelaratuak izan daitezke horietako hainbat eta ehunka Herriko Tabernaren jabegoa gal dezake ezker abertzaleak, tartean, Debagoieneko hainbat.
Ekaitz giro dugu Euskal Herrian, baina gauden lasai; “gastu sozialak” dira.