Eta egia esan, gure Kantauri itsasoa, ez dakit haserre ala ez, baina zerbait adierazi nahian ibili zaigu; Elkartasuna agian...! iragan egunotan, itsasertza benetan astindu du, bere olatuak hiri eta herri barrenetaraino sartuz.
Halere, beste bi olatu, (eta ondotik etor daitezkeenak) azpimarratu nahiko nituzke. Bata Bilboko kaleetan barneratu den giza olatu erraldoia; Eta bestea, sare sozialetakoa.
Pablo Ruz epaileak, eta zeinek ez!, delitu zantzurik ikusten ez zuen leku berean Eloy Velascok terrorismoaren goraipamena zekusan eta laino beltzak bidaltzen saiatu zen. Euskal gizarteak, haserre egoteko arrazoirik ez zuen falta, baina batasunaren olatua eragin zuen. Eta larunbatean, Bilbon, eguraldi oso ona egin zuen; berebizikoa. Aspaldi hontan egin ez duen modukoa alajaina!.
Aldi berean sekula baino “euri” gehiago egin zuenarren, tantaz-tanta itsaso erraldoi bat osatzera iritsi arte, etorkizun oparo baten eguzkiak, itzelezko distira erakutsi zuen. Eskerrikasko Velasco! Iragan berri den 2014ko Urtarrilaren 11 hau, gure memorian gordetzeko modukoa izango da, sekula eman den giza kontzentraziorik haundiena eman zen eguna bezala; herri honen eta herri hontako seme-alabarik onenen giza eskubideen defentsan. Euskal presoak Euskal Herrira.