Tokira diot eta ez Tokiora, nahiz eta Joko Olinpikoak ospatzeko, eta beste gauza askotarako, Tokio, toki ona dela erakutsi diguten oraingoan Yoko Onoren paisanoek, jokaldi on baten bidez. Tokiona zela aukera, hitzak berak dio eta!
Madrileko kafekoletxie eta spaninglix azentue barrez, etxakue gustau epaimahaikidiei. Hortan ziero ados heurekin, geuri be etxaku gustetan eta.
Diada zer den, aldiz, ondo asko ikusi dugu aste hontan eta euskaldunok katalanengandik zer ikasirik badugula, nabarmen geratu da aurtengo irailaren 11n. Egina dugun bidea albora utzi gabe. Bakoitza bere bidetik, baina abian. Via Augusta edo Bidegorria den egin behar duguna eta eskutik helduta, eskuzartaka ala eskuhartuz egin behar dugun, horra argitu beharreko gakoa baina gure esku dagoela garbi edukita.
Bitartean, Siriari suziriak botatzeko mehatxua ere entzun dugu eta alperrik prestatu da Damaskoko Gobernua bere arsenala ikusgai ipintzera; ez omen da aski; argudio ezaguna hori ere; inperialisten hizkuntza, berbera da hemen eta Wall Street-en; 35/2002 sumarioa ere abian da eta urriaren 17an hasita, 40tik gora euskaldun epaituak izango dira kafekoletxearen hirian. Zoru etikorik ez eta itoginak Kongresoan. Noiz izango dute aski?