Ez da kontu berria, ezta harritzekoa ere. Bizi osoa daramagu marikak, bollerak, transexualak, intersexualak, transgeneroak… eraso ezberdinak pairatzen. Noski, eraso hauek ez dira kolpe fisikoak soilik. Mota askotako jazarpen eta agresioak dira.
Erasoa jasandakoa Kitzikan-eko militantea da. Gure lankide eta laguna. Gure antolakundean aritzeak ez dio garrantzi gehiago edo gutxiago ematen agresioari. Guztiz kontrakoa. Gure antolakundeko militanteak argi du horrelako erasoen aurrean erantzun zuzen bat eta babes sendo bat izango duela. Baina homosexualitatea isiltasunean bizi duenak zer babes mota eska dezake? Nola salatu?
Izan ere, denon ahotan dago homofobia. Denon jarreretan dago homofobia. Denok gara homofobia. Eguneroko mehatxua da. Eguneroko jazarpena. Disidente sexualak garenok, arau guztietatik aldentzen garenok, oraindik ere zapalketa eta bazterketa nabarmenagoa dugu. Baina ez gara matxirulo eta emakume normatiboen aurrean makurtuko, ez horixe.
Gu gara bujarrak, tortillerak, trabeloak, zakila duten emakumeak eta alua izanda alua jatea gustuko duten gizonak, inolako generorik ez dugunak eta guztiak ditugunak. Muxuak ez ditugu ahoan bakarrik ematen, ezta monogamia eta koitozentrismoa praktikatzen ere. Gu gara askatasun osoz bizi nahi dugunak, inolako etiketarik onartzen ez dugunak, juizio moralak apurtzen ditugunak. Eta ez ausartu gure askatasunari hegoak mozten; saiatuz gero, pare-parean izango gaituzue, gure askatasunaren borroka sutsuan.
Algortakoa ez da eraso isolatua izan, heterofaxismoaren beste eraso bortitz bat izan da. Gurean horrelakorik gertatzen dela jakinez gero, zuen aurrean izango gaituzue. Bitartean, kaleak zirikatzen jarraituko dugu. "Bizitze hutsarekin dugulako kitzikatzen, kitzikatuz eraikitzen dugulako askatasuna, askatasuna dugu eraikitzen Kitzikan".
----------
Xabier Vallina Agiriano
(Debagoieneko Kitzikan )
Debagoiena