EAJ eta EH Bildu (Sortu) aurrez aurre jartzen dituen eztabaidak badu mamia, indarkeriaren iraganaz haratago. Azpiko muina estrategian, kudeaketan eta, batez ere, profil ideologikoaren bilakaeran dago.
EAJk errore estrategiko konkretu batean sakondu du azken urteotan. Jatorrizko demokrazia kristauaren humanismoa eta balio klasikoak guztiz lausotu ditu. Zerbait propioa defendatu eta EH Bildurekin arlo ekonomiko zein sozialean argi bereizi beharrean, jeltzaleak tematuta daude ezkerreko diskurtso sozialak kopiatzen. Gizartearen sekularizazioari erantzun nahian edo, jatorrizkoaren eta kopiaren arteko jokoan sartu dira, eta, azkenean, joko horretan profila diluitu eta jokoz kanpo geratzeko arriskua daukate.
Beste aldean EH Bildu eta haren muina den Sortu daude. Haien tradizio marxista-leninista ez da kasualitatea. Historikoki, ezker abertzalearen oinarri teorikoak materialismo historikoan eta egiturazko prozesu iraultzailean eraiki izan dira; borroka soziala eta nazio-askapena txanpon beraren bi aldeak ziren. Gaur egun, Madrilgo instituzioetan eta hauteskundeetan eraginkorrak izateko, profil sozialdemokrata eta "fronte zabal" eroso baten itxura saldu nahi dute. Baina diskurtso instituzional leun horren azpian, kapitalismoa eta egungo sistema gainditzeko jatorrizko funts iraultzaileak hor jarraitzen du. Paradoxikoki, instituzioetan integratzeko estrategia pragmatiko horrek (itxurazko) barne-disidentzia piztu dio, Gazte Koordinadora Sozialista (GKS) kasu, Sorturi jatorrizko funts komunista hori alboratu izana aurpegiratzen diotenak.
Labur esanda: EAJ bere eredu propioa lausotzen ari den bitartean, arlo sozialean ezkerra kopiatu nahian, Sortuk bere oinarri marxista moldatu du, instituzioetan pisua lortzeko.