Seguru aski gorroto-delitua suposatzen duen pankarta bat bi aste luzez egon da diru publikoa jasotzen duen gune baten. Dirudienez, inori ez dio trabarik egin. Kezkagarria eta, batez ere, larria iruditzen zait.
Kezkagarria, gazteek eta ez hain gazteek gorroto-kultura naturalizatzen dutelako, pankartak zer suposatzen duen konturatu ere egiten ez direlako, edo esaten duenarekin ados daudelako.
Larria, Udalak ez duelako ezertxo ere egin pankartaren erakusketa ekiditeko; are larriagoa, besteak beste, Udaleko langile batzuen aurkako pankarta ere badelako.
Azken osoko bilkuran mozio bat aurkeztu zen: batetik, eskatzen zen erakundeekiko errespetuaren edo adierazpen askatasunaren bidezko erabileraren mugak gainditzen dituzten jarduerak gaitzestea; eta, bestetik, kritika politiko eta sozial legitimoa eta herritarren protesta kriminalizatzeko instrumentalizazioa baztertzea.
Pankarta hura kritika politiko eta sozial legitimoa da? Herritarren protesta da? Artikulu hau instrumentalizazioaren adibide da?
Mozioa aurkeztu zutenengandik ez nuen erantzunik jaso.