Ibai Uribe Martiarena

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Mugarza Aiastui 2025ko uzt. 24a, 00:00

Zeri buruz idatzi erabaki ezinda, artikulua 1996ko Espainiako hauteskundeen eta gaurko Espainiako Gobernuaren arteko konparaketarekin hasi dudan arren, paragrafo pare bat egin ostean bertan behera utzi dut.

Ze demontre! Ibai Uriberen balentriaren inguruan irakurtzen hasi, eta gai horri heltzea erabaki dut. Ertzaintzako komisariorde Mikel Uribe zenaren semea da Ibai Uribe Martiarena. ETAk duela 24 urte Leaburun kuadrillarekin afaltzera zihoala erail zuen ertzainaren semea.

Webgune honetan aurkeztu zigun balentria bete zuen hilaren 14an: https://labur.eus/g5jxgq5w. Helburu guztiak bete zituela esatera ausartzen naiz. Bere errealitatea ezagutzera eman du, gainean zeraman zama kendu du, bere ingurukoak harro sentiarazi ditu eta kontzientzia ugari astindu dituela ere pentsatu nahi dut.

Itolarri sentsazio izugarria sortzen zait bere gaztaroa Legorretan imajinatzen dudanean: bakardadeak areagotutako sufrimendua soinean, bizitzen jarraitzeko ezkutatu beharrekoa... Imajina ezina semea horrela ikusita ama baten sufrikarioa. Zenbat zor diegun!

Esan bezala, kontzientzia ugari astindu izana gustatuko litzaidake, asko izatea urte luzeetan egindakoari bueltak ematen aritu direnak, tripak nahastu zaizkienak.

Bizikidetza sanoa eraikitzeko ezinbestekoa da Ibairen eta beste askoren sufrikarioa handitu zutenek egindakoaren inguruan hausnartzea, egindakoa erreparatzeko keinu argiak egitea.

Ezkorra naiz, beste behin, ezker abertzaleko espektro osoa igarri bainuen faltan Mandubian. Gara egunkarian ez dut aipamenik aurkitu, ezta ezker abertzaleak edo ezker abertzaleko kideek sare sozialetan dauzkaten kontuetan. Argi daukat zergatik ez diren ageri: ausardiarik ez daukatelako Ibairi begietara begiratzeko eta pentsatzen dutena esateko, duela 24 urte bere aita erailtzeari dagokionez.

Bukatzeko, Mikel Uriberekin batera Jose Javier Mugika gogora ekarri nahi dut, euskaldun jator profil konkretu bat ez betetzeagatik egun berean Leitzan erail zuten zinegotzi euskaldun petoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak