Oraintsu gertatutako hainbat gertaerak berriz ere berretsi dute nire ikuspegia.
Joseba Arregi Fiti-ren hirugarren graduaren baliogabetzeak babes itzela sortu du herritarren artean; legezkoa, justiziazkoa, beste arrazoirik ez balego ere, arrazoi humanitarioengatik hirugarren graduan behar bailuke Fiti-k.
Babes itzel hori eman dutenek Fiti kartzelan egon izanaren arrazoiei garrantzirik ez emateak kezkatzen nau; Fiti partaide eta buruzagi izan zen ETA erakunde terroristak eragindako biolentziaren egokitasun eta oniritzia babesten duten plaka eta pankarten aurrean hatzik ez mugitzeak kezkatzen nau. Honi buruz ari naiz selektibitatea aipatzen dudanean.
Biolentzia ezberdinen aurrean ditugun jarrera hauek jasotako heziketaren araberakoak dira. Heziketa prozesuan jarrera horiek definituko dituzten balioak lantzen dira, hain zuzen ere.
Heziketa etxean zein eskolan jaso eta transmititzen da, bakoitzak bere esparruan, baina, betiere, era osagarrian. Zer da gaizki egiten ari garena? Zer da faltan dena?