Berrelikatzen diren indarrak

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Mugarza Aiastui 2022ko mai. 13a, 00:00

Macarena Olonak Espainiako Kongresuan erakutsitako gorroto eta enpatia falta gutxitan ikusi dudan tamainakoa izan dela esan beharra daukat. Entzun ahalaz bat tripak nahasi zitzaizkidan, torturak sufritu dituztenen errealitateari horrela barre egiten ikustean. Ulertezina da Kongresuko lehendakari Meritxel Batetek ez isilaraztea eta epaileren batek kargurik ez hartzea.

Zoritxarrez, honelako jarrerak babesten dituen VOX alderdiak behar baino indar gehiago du Espainian, PPren elkar aditze eta itsukeriak lagundurik.

Paradoxikoki, egoera honen onuradunetako bat ezker abertzalea dela uste dut, ezker independentista gisa birbataiatu dena. Espainiako ezkerrarentzat pelikuletako ona dela esan genezake, urte luzez egin beharrekoa egiten ari delako: politika.

Espainiako ezkerrak ez dio behar bezalako garrantzirik ematen ezker abertzaleak urte luzeetan izan duen paperaren inguruan autokritika faltari. Baliteke PSOEk GALekiko autokritika falta saihesteko estrategia izatea. Dena delakoa, nire uste apalean, ezker abertzalea horrexetara jolasten ari da, denbora irabazten ari da, gizarteak iraganarekiko autokritika egiteke duela ahaztu arte; finean, exijentzia hori desagerrarazi arte.

Euskal Herrira etorrita, zorionez, Olonaren hitzei erantzuna erabatekoa izan dela esan genezake. Hala ere, adostasun hori posizionamendu oso desberdinetatik dator: torturatzea ETAk erailtzea bezain onartezina dela uste dutenak dira gehiengoa; beste batzuk ETArekiko jarrera akritikoa izan dutenak eta oraindik ere dutenak dira. Azken hauek Olonarena onartezina dela baderitzote, ezin ETAren ibilbidearekiko neutro edo, are okerrago, aldeko izan.

Ikuspegi partzial hori oraindik ere ugaria dugu gurean, kanpoko faxismoa berehala identifikatu baina bertakoa ezin errekonozitzerainokoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak