"Gipuzkoa eta Montanier"

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Mugarza Aiastui 2013ko eka. 21a, 02:00

Gaurko zutabe hau irakurri ondoren, batek baino gehiagok...

... fribolizatzen ari naizela aurpegira diezadake; eta, seguru asko, zuzen ariko dira. 

Mundua dagoen bezala, futbolaren burbuilan bizi den pribilegiatu batek jasandakoa salatzea gehiegikeria izan daiteke; hala ere, Gipuzkoako zaleek eta prentsak, bereziki, azken bi urteetan Realeko entrenatzaile izan den Philippe Montanierri eskainitako tratuak hausnarketatxoa merezi duelakoan nago.

Era guztietako zaleak dauden lez, era guztietako portaerak espero ditzakegu. Zoritxarrez, azken bi urte hauetan, irainak eta errespetu falta izan dira nagusi Realeko zaleen parte baten aldetik. Hala ere, benetan larria dena errespetu falta eta irain hauek prentsaren aldetik etorri izana da: alde batetik, profesional orok bere lanean besteenganako gorde beharreko errespetuagatik; eta bestetik, zalegoa sutu eta sortzen dituzten eraginengatik.

Montanier iritsi aurretik hasita zeuden Realaren inguruko kazetari garrantzitsu batzuk bidea prestatzen. Bazirudien joko handia ematen zien aurreko Lasarterekin jarraitu ez izana ez zitzaiela larregi gustatu. Eta bi urte hauetan beti eduki dute Montanierri aurpegiratzeko zerbait. Baina kontuz, jokoa, erabaki tekniko edo taktikoak, nork jokatu edo jokatu ez, etab. kritikatzeari zilegi deritzot, baina komunikabide batetik inor iraintzea onartezina dela iruditzen zait.

Salatzen ari naizen honen guzti honen guinda Montanierren azken prentsaurrekoan prentsa gipuzkoarrak izandako jarrera lotsagarria izan zen. Emaitza ezin hobeak lortu dituen entrenatzailea txalo zaparradarekin dotore agurtu beharrean, azken unera arte egin zizkioten galderek pozoiz betetako dardoak ziruditen. Ziur nago Montanierrek ez jarraitzeko arrazoietako bat Gipuzkoako prentsaren jarrera izan dela.

Niri dagokidanez, Realeko zale bezala: "Merci beaucoup et au revoir, Philippe!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak