"Norena da Udalatx?"

Erabiltzailearen aurpegia

Zementuaren eta teknologia suntsitzailearen diktadura kontsumista honetan...

... ekosistema errespetatu behar dela garbi dago, nahiz eta merkatuek inposatu diguten eredu kutsakor eta alteratzaile hau biosferaren iraunkortasunean oinarritzen ez den. 

Enpresa publiko-pribatu batzuen irabaziak esku pribatuetara doaz guztiona den ondare naturala suntsitzen (nuklearrak, trafikoa, hilobi erradioaktiboak, errauskailuak, fracking-a, petrolioa) eta betiko gure etorkizuna desorekatzen. 

Kanpazar harrobian, 58 urteren ondoren, Udalatx barrutik ustiatu ahal izateko, hau da, barne-harrobi bat egiteko, zulaketak burutzen ari dira, eta ez nolanahiko zulaketak; honek ingurugiroan dituen eraginak ingurune-inpaktu aldetik dagoeneko izugarriak dira.

Udalatx mendiaren barnean akuifero edo ur poltsetan harrobi baten eraikuntza onartuz gero, Arrasatera datozen Beneras eta Epele erreka emaritsuak lehortzeko arrisku larria izango litzateke eta Elorriora doan Kanpazar erreka ere bai (jadanik Bostiturrieta lehortu da); gainera, beste baserri askotan ur mozketak eta kalitatearen arazoak daude gaur egun eta Elorrion eta Arrasaten ere ur-hornikuntza zuzena asko eskastu da. 

Hori ez da guztia, barne-harrobiak artsenikoa bana dezake; urak toxikatuz, lurzorua ezgaituz eta atmosfera kutsatuz.

Gauzak horrela, tribunalek Kanpazar harrobiari mendia barrutik ustiatzeko lizentzia ematen badiote, Calcinor eta enpresari lobby-en inbertsioa amortizatu beharrak eraginda, hainbat hamarkada luzatu eta biderkatuko da erasoa Udalatx zona karstikoan eta bere uretan. Horrela, gure osasuna kolpatuko du egunero, inpunitate osoz.

Jakinda, gainera, negozioa irekiz gero aurrekari bihurtuko litzatekeela suntsiketa-ustiaketa bera (lehena penintsulan) beste leku batzuetan egiteko... exijitzen dugu: Udalatx barne-harrobi bihurtzeko eta mendia barrutik dinamitatu ahal izateko ikerketa proiektua bertan behera utz dezatela eta lurraldearen antolamendu orokorrean Udalatx ingurua integralki kontserbatu eta babes dezatela Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailetik.

Lurra ez da gurea, gu gara lurraren parte.

--------------------

Xabi Mondragon

(Udalatx Bizirik-en izenean)

Arrasate

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.