Horregatik, eta nahiz eta berrindustrializazio prozesua oraindik burutu gabeko prozesua izanagatik ere bai, prozesu horren inguruko hausnarketa pausatuagoa egin nahi dugu:
AKORDIOAREN PROTAGONISTAK
Candykoa onak eta gaiztoak dauden prozesua da: onak 40 urtetan lanean egon ondoren bat-batean euren lanpostua mehatxatua ikusi zuten emakumeak, adibidez. Gaiztoa, noski, Candy da, urte luzez irabaziak metatu ostean garbigailu ekoizpena Txinara eramatea erabaki zuena, gehiago irabazteko. Lan erreformak enpresen itxiera prozesua aldebakarrez egin ahal izatea ekarri zuen, prozedura erraztuz. Eta Sergio Leoneren pelikula ezagunari keinu txiki bat eginez, itsusia-ren papera Gipuzkoako Foru Aldundiari egokitu zaio, berrindustrializaziorako ibilbide orria aurkeztu eta balizko erosleak bilatzeko lana bere gain hartu arren, hautes lehian soilik uler daitezkeen kritikak jasotzen ari baita eremu ezberdinetatik.
Guretzat eztabaidak ondorengoa beharko luke: zer dela eta ez dute instituzio guztiek horrela jokatu deslokalizazioen aurrean?
Barruko borroka
Baina, testuinguru zail honetan, zerk ireki dizkio ateak balizko berrindustrializazio prozesuari? Langileen mobilizazio, protesta eta mobilizazio iraunkorrak. Multinazionalekin lortzen diren akordioak ez dira win-win (irabazi-irabazi) erakoak, non alde guztiek irabazten duten. Borrokaren bidez eskuratutakoak izan ohi dira.
Batzuetan, kasu honetan bezala, dagokion instituzio publikoaren laguntza ezinbestekoa da bide berriak arakatzeko, baina prozesua aurrera eramateko motorra antolakuntza eta borroka izan dira.
Baina kanpokoa ere bai
Candyko langileen lorpen nagusietako bat konplizitate eta aliantzak sustatzea izan da, borroka kalera, herrira ateratzeko. Eragile sozialen elkartasunak, udalbatzak, bizilagunek... enpleguaren defentsa Bergarako herriaren erronka bilakatu dute.
Elkartasunaren balioa
Candyko langileen jarrera txalotu nahi dugu, euren ardura, elkartasuna eta konpromisoa. Ez da erraza multinazionalek eta Eusko Jaurlaritzak eskaini ohi duten alternatibari ezezkoa ematea; kaleratzearen prezioa negoziatzea, alegia. Benetan eredugarria izan da interes kolektiboa eta lanpostuen defentsa interes partikularren gainetik jarri izana.
Candytik haratago: alternatibak eraiki ditzagun
Candyko adibidea ezin da ulertu eta baloratu berrindustrializazio prozesuaren emaitzaren arabera soilik, nahiz hori duen jatorrizko helburu.
Proiektua izan edo ez, langile borrokak lan erreformaren aldebakartasuna puskatzeko gai dela erakutsi du, alternatibak ahalbideratuz. Honelako saiakera gehiago gauzatzeak instituzioak deslokalizazioei aurre egitera behartuko ditu. Instituzioek, bereziki Eusko Jaurlaritzak, multinazionalei txeke eta guzti alfonbra gorria jartzeko politika amaitzea ekarri behar du. Baldintza zein berme gabeko diru laguntza handiak (Hiriko istripua izan zuen autoak bezala) amaitu behar dira.
Industria sustatzeko benetako planik eza ezin da propaganda hutsez estali: EAEn laneskua prekarizatu eta kualifikazioa txikitzen duen lan merkatua desarautzeko saiakera gertatzen ari da, I+G+Bra bideratutako ekarpenak jaisten ari diren bitartean.
Arantxa Tapiak “Candyren itxiera onartzen ez zuela” esan zuenetik ez dugu Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisorik ezagutzen. Zain gaude. Baina badakigu zenbat eta Candy gehiago antolatu, orduan eta zailago izango duela bere ardurari muzin egitea.
Horretarako, kasuan kasu egoerari egokitutako alternatibak asmatu beharko ditugu, multinazional handien agindupean ito nahi gaituen olatu neoliberalari eutsiko dioten dike txikiak eraikitzeko. Deslokalizazioei aurre egin, enplegua eta sare produktiboa defendatuz.
Badakigu gaur egungo markoan erantzuna soilik partziala izango dela, eta ondoen antolatzen garenean eta aliatu egokiak topatzen ditugunean soilik irabaziko ditugu borrokak, baina borroka bakoitza benetako alternatibarantz doan urrats bat gehiago izango da: marko propio bat lortzea, burujabea, langileak borrokara behartuko dituen legerik inposatuko ez duena. Pausoz pauso... lortuko dugu!
----------
Xabier Llodio eta Zorion Ortigosa
(LABeko Industria Federazioko kideak)
Bergara