Bartzelonako apunteak

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Letona 2017ko urr. 6a, 07:30

Irribarrearen iraultza. Urriak 1, 05:00ak. Beheko kalean, 500 metrora ikusten da Argia-koek Bartzelonan erreferenduma jarraitzeko hautatu dugun eskoletako bat, Sants auzoan. "Utzi hemen eta kito". Taxilariak ezetz: "Ateraino eramango zaitut, baina markagailua geldituta. Por la causa". Niri ere irribarre egin dit goizalde goibelak.

Desobedientzia baketsua. Hori da defentsa estrategia, denentzat. Zeharkako akordio zabalak blindatuta, antolaketa eta diziplina zorrotzak dira, Puigdemontetik hasi eta azken auzo taldera. Baina Graciako taberna batean emakume batek zera diosku urriaren 2ko bazkalorduan: "Horrela ari gara defendatzen, baina horrek ez du esan nahi bestela ez dakigunik".

Hamaika. Hamaika zartako, hamaika malko, hamaika erreakzio, hamaika harridura… Hamaikaren itzulpen numerikoa 155 izan daiteke.

Bortizkeria. Ez da egia "venga de donde venga" gaitzesten dela. Bagenekien, baina berriz ikusi dugu. Urkullu lehendakariak ohikoan baino gogorrago jardun zuen urriaren 1ean Espainiako polizien eta guardia zibilen eraso ikaragarri bortitzez, baina ez zen atera haren ahotik gaitzespenik. Katalunian EAJrekin minduta daude kolore askotako herritarrak.

Elkartasuna. Nola eskertzen duten euskal herritarren elkartasuna, eta milaka izan gara han. "Hurrengoak zuek zarete", esan digute sarri. Guri barregura ematen digu, ez dakite nola gauden. Kontua ez da inor gogogabetzea, baina errealitate printzipioa ere hor da.

Espainia inperiala. Piolin, "a por ellos", Rajoy, Espainiako Erregearen mezua, Generalitateko karguen atxiloketak, diru zigorrak… Bakarrik azken minutukoak aipatuta, 78ko espainiar demokrazia gazteari bere historiaren inperio usaina dario egunotan ere; Kataluniara, Asturiasera, Euskal Herrira, Marokora, Kubara, Filipinar irletara… "legearen inperioa" ezartzera bidalitako tropen usain bera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak