"Derryn ere atez ate, baina…"

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Letona 2013ko urr. 1a, 02:00

Oraingo nire bizilekuan, Irlandako Derryn...

... hondakinak atez ate biltzen dituzte, bi multzotan: ostiral batean organikoa eta errefusa dena batera, hurrengo ostiralean plastiko, paper, beira… dena nahasian. Bi edukiontzi daude etxeko kanpoaldean eta han doaz pilatzen multzo biak. 

"Bi hondakin multzo! Historia da hori gurean", esan nion hasieran nire buruari. Baina ez, historia izango da hondakina dagokion moduan bereizten duten arrasatearren herenarentzat. Beste bi herenentzat antzera da, Derryn bezala, edo okerrago, Debagoienean herritarren %66k hondakin guztiak denak nahasian botatzen dituztelako egun ere.

Iruñean, ohiko bizilekuan, Debagoieneko antzeko birziklatze datuak dituzte, baina kopuru horietatik gora egitea oso gaitza da egungo bilketa eta kultura moldeekin. Datuak eta esperientziak oso argiak dira: bakarrik Gipuzkoan atez atekoa indarrean jarri dutenek lortzen dituzte emaitza itzelak (Europako onenak!, %75-85eko birziklatze tasak) ia batetik bestera, bizpahiru hilabetetan.

Inguruko jende aurrerazaleak behin baino gehiagotan galdetu dit Iruñean: "Zer ari zarete zaborrekin Gipuzkoan?". Zuek zertan ari zareten azaltzen diet, eta gehienek ulertzen dute. Hauek ere hainbat multzotan birziklatzen dutenetakoak dira. Arazorik ez. Atez atekorako ere ez dut uste izango luketenik. Baina ez dute aurrerago egiteko kezka gehiegirik. Inork ez ditu akuilatzen; hor daude datuak lo: herritarren %35 txukun, %65 baldar. Txukunak uste du denak ari direla bera moduan, baldarrari bost axola.

Eta orduan antzuolar eta oñatiarrekiko inbidia sanoa datorkit. Eta miresmena, bailarako txikienetakoak eta buruan! Eta inbidia Arrasateko lagunei, zorte itzela duzuela uste dut, XXI. mendeko gai eta eztabaida garrantzitsuenetako baten buruan zaudetelako. Nik harro azalduko nieke Iruñeko lagunei –kooperatibekin moduan– nire sorterrikoek atez atekoa nola egiten duten, baina hori zuen erabakia da. Animo!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak