Iraila, askorentzako, mugarri gisa identifikatuko den hilabetea izango da: egongo da lehenengoz mantala jantziko duenik; lehenengoz institutura joateko autobusa hartuko duenik; enegarrenez, lortuko ez duela jakitun izanik ere, astean behin kirola egitea helburutzat jarriko duenik; eta azkenekoz udan zehar lanleku izan duenera joango denik ere bai.
Baina nago badela mugarria aurrekoa ezkutatzeko erabiltzen duenik ere, zetorrena joandako bihurtzeko. Agenda mediatikotik hizketagai nahi ez duen hori ezabatzeko. Etorri baitira milaka pertsona mediterraneoan barna, eta askorentzako baita joan ere. Etorri baitziren pentsiodunak, eta askorentzako joan egin ziren haien aldarri eta pankartekin batera. Etorri eta joan, eta zerrenda amaigabe bat.
Ahazten erakutsi digute, eta guk, ikasle finak izaki, ederto ikasi dugu.