Horren jakitun edo… Donald Trump hasi da galbaheak desegiten. Kazetariek berak dioena moldatuko dutelakoan eta audientziarekin harreman zuzena lortzeko asmotan, Twitter sutu du 140 karaktere baino gutxiago idatzi dituen bakoitzean.
Iturrian ez dago arazoa, amerikarren kasuan iturburuan egon litekeen arren. Arazoa edukia irentsi eta digeritze prozesu bat garatzeko ezgaitasunean dago.
La Sexta telebista kateko El Intermedio saioak ere autobus batean horrela jarri du: Genero identitatea ez da hautatzen. Ez dezatela beste batzuk zugatik hautatu.
Andereño Kixkurneren autobus magikoa baino famatuago egin den autobus laranja bati erantzuteko margotu du berdez Wyoming-en saioak autobus hori esaldi horiekin.
Bi autobus, bi kolore, bi mezu, bi pentsamolde… hartzaileak: geu. Gure esku dago zein autobusetan igo eta zein geltokiraino joan.
Amets Arzallusek behin BECen bota zuen, Mohameden paperean: "Autobus baten barruan goaz, baina bide berean ez". Autobus laranjaren kasuan, autobusa ere ez dugu konpartitzen.