Sarri horrela hasten da zutabe bat eratzeko hartzen dugun tartea. Kafearen zaporeak hitzak lotuko dizkigulakoan edo ordenagailuari so. Zer arraiori buruz idatziko dut oraingoan ba?
Bertsotan ari garenean gisa bakarkako gai bat jarriko baligute zikira… Joño! Gero, bertso afari batean 2 orduz gai librean kantatzeko gai bagara, 1000 karaktere nola ez ditugu ba zanpatuko teklatuan bata bestearen atzetik?
Idatzi nahi nuke Maider Undaren balentrien inguruan, bere dominen inguruan eta emakume kirolariek suposatzen duten ereduari buruz. Maialen Chourraut gogora ekarri eta ama eta kirolari profesionalak direnak goratu.
Idatzi nahi nuke eta Trump eta tranpa hitzekin jolastu, eta baten ile laranja eta Ciudadanosena konparatu, eta lazgarria denari barre egin.
Idatzi nahi nieke gure auzoan kaka egiten duten txakurren jabeei, gorotza jasotzen dutenei zoriondu eta besteak kaketara bidali.
Idatzi nahi nuke… eta konturatu orduko, kafearen zaporea besterik ez da geratzen hitzak lotu gaituelako gu.
Zenbat izan da? 1,20 €.