Ez dut idazten saskibaloi jokalariaren larrutik. Ez dut idazten Goienako kolaboratzaile gisa. Ez dut idazten Ibargoiako kale disidenteak aspaldi sortu zuen nardeagatarren aurkako taldetik (I.K.D.A.S.Z.N.A.T). Niretik idazten dut. Pertsona eta gizabanako soil bezain oinarrizko den honetatik.
Eta behin aurkezpena eginda, Gure Esku Dago ekimena aurkeztu nahi dizuet: Nazioa gara, erabakitze eskubidea dugu, herritarron garaia da lelopean sortutako dinamika herritarra da. Erabakitzeko eskubidearen alde Euskal Herrian lan egingo duen dinamika. Herrietan dinamika honen inguruan garatu ahal diren ekimen ezberdinei erreferentzia eta aterkia eskaintzen diena.
Gazta zati bat filma ikusi duzuenok honezkero hartuko zenioten usaina nire artikuluari. Antzik ere ez duzuenok jo www.gureeskudago.net webgunera, eta bai lehenek eta bai bigarrenek ere, egin kasu hurrengoari: Aramaion, esparru askotako herritarren artean, Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Adierazpena adostu, sinatu eta publiko egin nahi da. Hartara, eta gurean ekimena ezagutarazteko asmotan ere, martxoaren 21ean argazki bat aterako dugu, 19:00etan, Bizente Goikoetxea plazan; bazatoz? Gure asko dago, zure esku dago!