Ez da lur harrotze huts bat. Itxaropenari bide emateko keinua da zuhaitz baten landaketa. Bizitzaren aldeko apustua, oroitzapenak bizirik mantentzeko modua.
Olibondo bat lorategian, Oñatiko Palestina herri ekimenak bultzatuta, hainbat herritarren sinaduren babesarekin, ankerkeria eta zapalkuntza jasan duen herriari elkartasun adierazpen bat. Askatasunaren bila dabiltzan herrien aldeko keinua, Euskal Herria eta Palestina, memoria eta elkartasun uztarketa.
Astigar bat etxe aurreko lursailean. Inoiz berdina izango ez den horretan, orain gutxi utzi gaituen gertukoaren omenez.
Landatutako zuhaitzek sustraiak zabalduko dituzte, eta urtez urte, hostoz hosto, sendotuz joango dira. Ahanzturan erortzen utzi gabe, hauen itzalak bide egin dezala ingurukoekin batera.
Gaurko olibondo eta astigarrek, etorkizunean ere, palestinarrak eta gertukoak oroitzeko balio dezaten.