Modernitatearen eta teknologia aurrerapenen garaiotan, guztiaren jabe izan gaitezkeela eta dena kontrola dezakegula sinestarazi digute. Inozo galantak gu.
Antzinako esaera da: Erreka eskriturak besapean dituela etorriko da. Izan ere, mendeetan zehar, orografian aldaketak naturaren esku egon direnean, urak bere bidea egin du, punta guztietatik abiatu eta errekasto, erreka zein ibai nagusitik pasata, itsasora iritsi arte. Zoritxarrez, uholdeak inguruan ikusten ditugunean ohartzen gara naturaren indarraz. Duela hilabete gutxi, Donostiako alkatea haserre zen, Urumea inguruan etxebizitzak eraikitzeko debekua jaso zuelako. Valentzian ere ikusi dugu: ibaien arroetan etxebizitzak, merkataritza-guneak, garajeak… eraikitzeko baimenak arazo gabe emateagatik zeintzuk diren ondorioak.
Gurera etorrita, orografia ezberdin baten bizi arren, basogintza ustiatze eredu ezberdinen ondorioez gutxi sakontzen dugu. Klima aldaketaren ondorioak begi bistan ditugu. Gaizki gabiltza itsu jokatuz naturak ikustarazteko zain bagaude.