Zenbat gehiago pasa beharko dira estatuaren biktima izan zirenek ere aitortza bat jaso dezaten? Bakegintzaren eta bizikidetzaren bidean aurrerapausoak eman dira, baina Irunberriko gertakari ilun haietatik 34 urtera, egiaren zain jarraitzen dugu.
Herriko alaba Susana Arregi Maiztegiren hilketak Oñati astindu zuen. Bertsio ofiziala hankaz gora jartzen duen ikerketa-lan bat argitaratu zen joan den urtean. Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Institutu bat badugu izan, baina herriko boluntario batzuen ekimenagatik eta beste batzuen laguntzagatik ez balitz, ikerketa-lana gauzatu gabe legoke oraindik.
Hiru hamarkada pasata, argitu gabeko gertakari ezberdinak, perspektiba egoki batetik aztertzeko zailtasunekin oraindik. Goizegi batzuentzat, baina, aldi berean, beranduegi, gertakariak argitzeko zuzeneko testigu izan zirenak gutxituz doazelako. Orain ez bada, nekez izango da.
Bitartean, aitortza ofizialaren zain oroituko dugu Irunberriko 34. urteurrena.