Ezin ukatu morbo puntu bat ere badagoela. "Politikan" sartzeko pausoa zeintzuek emango ote dute? Oraingoan, zerrenda bateko kide izatea egokitu zait eta emandako pausoaren zergatiaz galdegin didate. Herrigintza? Ez da soilik udal ordezkarien kontua. Kasu batzuetan, oztopo izatera ere iritsi izan dira. Herrigintza herriko eragile askori esker egiten da.
Hor dira kirol elkarteetan gaztetxoen entrenatzaile, koordinatzaile, laguntzaile, musu-truk lanean dabiltzan hainbat eta hainbat herritar. Auzo elkarte, jaien antolakuntzan, musika edo antzerki talde, bertso eskola, eragile sozial zein herri mugimenduetan parte hartzen dutenak. Ongizate pertsonala ongizate kolektibo batetik abiatu behar dela ulertuta, pausoak emanaz dabiltzan horiek. Inongo zerrendetan aurkeztu gabe ere herrigintzan dabiltzanak. Pauso berririk ez, beraz, beraien alboan eta batera eman nahi nukeena soilik.