Ez da Inauteriak gustuko ez ditudalako, ez; bi data berezi datozelako baizik: urteak beteko dituzun eguna, bata; ospatzeko ezer ez duena, bestea.
73 urte betetzera doan besteren bat imajina dezaket, sentsazio gazi-gozoz. Zahartzen ari denaren gaziaz eta urte horietan guztietan bizitakoaren gozoaz. Zer esan, baina, azken 27 urteak ziega zuloan pasa dituenak? Borroka armatua desagertuta espetxe politika guztiz aldatuko zela zioten. Ez da horrela izan, ordea. Legeak dioenaren kontra, 70 urteak aspaldi atzean utzita, preso jarraitzen duzu. Gauzak horrela, 27 atxilo urtetara iritsiko zinateke, horiek guztiak Oñatitik urrun, etxekoengandik aparte, eta, hala ere, nahikoa ez espetxeetako giltzen jabe direnentzat. Ase ezineko mendeku gosea. Zenbat gehiago, baina? 73 urte beteko dituzu, eta gertukoekin etxean ospatzea dagokizu. Dagokizue. Aske, Xabier, Xabin, Anjel eta beste guztioi bezala. Berandu baino lehen, gainera.