Zenbatu ezinezko herritar boluntario kopurua, Oñatira etorritako milaka partaidek egun borobila izan zezaten lanean. Laguntzen ibilitako gehien-gehienak ikastolen mugimenduak bere baitan dituen baloreak babesten: euskara, euskal kultura, Euskal Herria oinarri duen hezkuntza proiektua…
Auzolan hitza aipatu izan da. Bakoitzaren gaitasun mugatuak elkartuta gauza apartak egiteko gai garela ikusi dugu igandean. Berdin astebete lehenagoko mendi martxan, Hatortxurock jaialdian edo 2016an Debagoienean Euskal Estatu Independente bateko herritarrak izan nahi genuen galdeketa egin zenean.
"Nahi duzu Katalunia estatu independente izatea errepublika gisa?" galdera erantzungo dute urriaren 1ean. Oztopoak ugari; Kataluniako auzolan erraldoia gainditzeko beste ez, baina. Estatugintza. Kilometroak festan ikusi dugunez gurean oraindik ere bada indarra. Albotik Kataluniara eserita begira jarraitu behar al dugu?