Zoritxarrez, batzuei irentsi ezinik, kontrako eztarrira joan zaie. Egia esan, ni oraindik kokatu ezinik nabil nahasmendu honen aldeko eta kontrakoen artean.
Izan ere, betidanik gure baserrietan egin izan dena berrikuntza eta jasangarritasunaren eredu berritzaile modura saldu digute. Eta horrelakoetan sarri egin ohi den bezala, ekimenari prestigioa emateko agian, proiektu eta inbertsio potoloak egiten dira; plastikozko konpost-gailu panpoxoak erostea, besteak beste. Zergatik ez hasiera baten era sinpleago eta merkeago batzuk jorratu?
Urteak daramatzat konposta egiten eta esperientziak erakutsi dit konposta ondo egiteko ez dagoela baliabide askoren beharrik. Lurrean bertan alanbre sarez inguratzea, edo lastozko fardoak bueltan jartzea, esaterako, nahikoa da.
Nolanahi ere, azpia ondo drainatuz eta bota beharrekoa sailkatuta eta ordenan botata betiere, hezetasun eta aireztatze egokia bermatzen da. Plastikozko ontzi horiek, ordea, ez dizkigute aipatutako baldintzak bermatzen, euriaren hezetasuna ez dute hartzen eta gehiegi erregatuz gero materia organikoa egosi edo fermentatu egiten da. Etengabe materia gainera botatzean, ez dio zikloari bukatzen uzten.