1930 eta 1950. urteen artean jaio zen genero musikalak, rock-and-rollak, gaur egunera arte eboluzio handia jasan du. Urte askoren buruan, askatasun, maitasun, esperantza, borroka edo haserre mezuen eroale izan da… Gehienetan, jendarte lokartuaren zirikatzaile, probokatzaile...
Herritik eta herriarentzat sortua, gazte eta ez hain gazteak, neurrigabeko poz zoramen kontrolaezinetik, nostalgia edo samintasun sakoneraino bidean jarri gaitzakeen esperientzia multisentsoriala.
Garaiak aldatzen dira eta gu ere horren testigu gara. Aro argitsuak pasa ostean, orain itzalpea ote rock-and-rollarentzat?
Gaur egungo gizarte lokartu eta artifizialean, benetako mezuen, sentimenduen transmisoreak sentitu nahi ditut oholtza gainean. Itsutzen gaituen su artifizial gutxiago eta pentsatzera, hausnarketara, ekintzara bultzatuko gaituen zirikatzaileak, probokatzaileen beharra dut.
Bizitzak bereak ditu poza eta tristura, borroka eta maitasuna… Musikaz konta iezadazu; faltan botatzen zaitut, rock-and-rolla.