Laino beltzez jantziriko zeru beldurgarri baten azpian dagoen errefuxiatu kanpaleku bat da. Haizeak denboraren poderioz biribildutako harrizko alfonbra amaiezina, hautsa harro non nahi. Haurrak, hauen guraso izan daitezkeenak, haize bortitzaren menpe, batera eta bestera balantzaka. Hurrengo planoan, NBE zigiludun dendak berriro, baina hauek jausiak daude, lurrak erdi estaliak.
Play berriro. Norbaiten amona da. Boreas Ipar haizearen jainko greziarrari desafio eginaz, dendari, arnasari, bizitzari indarrez eutsiz. Gerrak, senarra, semea, etxea, beharrezko babes gunea, ebatsi, bota dizkio... Baina amonaren eskuek tinko, gogor eusten diote dendari. Siria edo Afganistango errefuxiatu kanpaleku bat izan zitekeen, baina Europako zerua ageri da bideoan. Grezian, Salonikako Nikva-n dagoen errefuxiatu kanpalekua! Bertatik, bost haurren ama den Mahdiye-k irudi hauek bidali dizkigu. Eutsi, amona; eutsi, Mahdiye... Europak ahaztu zaituzte eta.