Musikaz gain, izugarrizko eztanda sozial eta politikoa suposatu zuela diote. Gaur egun arte irauten duena. Apurtzailea izan omen zen. Baina sistemak guztia irensten du eta punkarekin berdina egin zuelakoan nago.
Edukia hustu eta etekina bilatu. Horrela, emoen, punken edo haur batzuen urtebetetze festa berdina bihurtzen da. Batzuetan jagermaisterra, bestetan garagardoa eta haurren festan goxoki poltsa. Zaran Ramones edo Sex Pistolsen kamisetak. BBK Live, Gaztelekua edota Feverra. Sarrera ordaindu eta Disneylandeko barraketan jolastu, Donald ahatearekin argazkia ateratzen duzun bitartean, berdin izan zitekeen kaskamotz bat edo krestadun bat. Tierno Galvanek"¡Rockeros: el que no esté colocado, que se coloque!" oihukatu zuen, Patxi Lopezek Sarri, sarri dantzatu du eta edozein kultura zinegotzik listua botako dio punk abeslari bati.
80ko hamarkada izugarria izango zen, baina kaka hutsa bihurtzen ari garelakoan nago.