Urte osoa eman dugu garai honi itxaroten, ohiko errutinatik askatu eta giro hobeak gonbidatuta, kalera irten, lagunekin egon eta esperientzia bereziak bizitzeko.
Bakoitzak bere bizipen eta oroitzapenak izango ditu, bidaiak, udalekuak edo dena delakoa. Ni udan barneratu ahala gaupasez oroitzen naiz, Trianako jaiak, San Ferminak, Bilbo...
Zirrara berezia sortzen dit urtez urte egindako gaupasetan bizi izandakoak oroitzeak, are gehiago aurtengo parrandak gero eta gertuago daudela ikusteak.
Udan soilik eman daitezkeen parrandak dira, arropaz arin, hotza pasatu gabe. Hainbat egun lehenago joaneko autobus tiketa erosita baina itzulera zoriaren esku uzten dituzun bidaia horiek.
Mañaneo errepika ezinak, Nabarreria inguruan gosaltzeko pintxotan gastatutako dirutza, Trianako txosnak itxi ondoren, edozein tabernetan, entzierroa ikusi eta adarkada bakoitza ospatzea ezagutzen ez duzun jendearekin.
Eta zer esan Bilbo Zaharreko goizez, Areatzatik Bilbi-rako gaupasero manifa, urte osoan ikusi ez dituzun lagunen topaleku, etxera itzultzeko ordua edozein aitzakiarekin berandutzen, azken xentimoak gastatu arte, hurrengo eguneko biharamuna minutuz minutu handitzen... Zelako gogoa!