Gaur nik nire zutabean ere berdina egingo dut, nire zutabeaz jardun, meta-zutabea deituko diogu. Eta bai, arrazoia sinplea da, ez nekien zertaz idatzi, zutabeaz pentsatzen jarri naiz eta burura etorri zaizkidan ideiak idatziko ditut.
Ohituta nago jendaurrean hitz egitera, elkarrizketak erantzutera, kazetari bezala lan egin dut, baina Goiena-ko zutabe honekin zerbait arraroa gertatu zait. Asko lotsatu naiz, kostatu egin zait argitaratutakoa irakurtzea eta jendeak zerbait komentatu izan didanean, bakanen bat, ez pentsa, lotsatu egin naiz.
Akaso zutabe pertsonal bat delako, nahiz eta saiatu naizen borroka desberdinez jarduten, feminismoa, okupazioa, euskalgintza, gure herriaren burujabetza, prekarietatea edota gazte boterea.
Gaur ere badaude madarikatuak izatea merezi duten kabroiak, Kortxoenea bota dutenak edota azken egunetan bost emakume erail dituzten matxistak. Baina ez dut gogorik horretaz luzatzeko.
Akaso, gaur mendira joan eta lasai egoteko gogoa duzun egun horietako bat daukat, lagunekin irten, perretxikoez hitz egin eta mozkortzeko edota maitalearekin ohean egotekoa.
Hori ere gehiagotan egin beharko genukeela uste baitut, gure buruaz pixka bat arduratu.