Gutun horretan, Amaiak, Oñatiko PNVren udal taldearen izenean, Oñatin Kultura Saririk ez dagoela-eta Udaletik Kultura Saria sortzea proposatzen du, dirudienez, eta beraien ustetan, hori baita kulturaren esparruan diharduen edo jardun duen edonoren lan ona, ahalegina eta ibilbidea aitortzeko, balioan jartzeko eta bistaratzeko modua.
Ez naiz ni izango Kultura Saria jasotzeko merituak egin dituen inor. Beno, agian, bai. Nork daki! Baina badira urte dezente kulturaren esparruan lanean –xaxaketan– nabilela: kontzertuak antolatzen, musika sortzen, jaietako Txosna Batzordeko eta Gazte Asanbladako kide bezala ekintzak antolatzen eta herrian eginiko beste mota askotako kultur ekintzetan parte hartzen. Eta zera esan nahi diet Amaiari eta Oñatiko PNVren udal taldeari: jendeak egindako lana, ahalegina, eta abar ez dira talonario, txeke zuri, opari eta prentsarako ateratako argazki bidez saritzen. Hemen, udal baliabideak jendearen eskura jarri behar dira, burutu nahi diren ekintzak samurtuz. Jendeak burutu nahi dituen proiektuak babestu behar dira. Jendeari egiten utzi behar zaio! Baditut jada 37 urte, eta ondo gogoan dut nola PNVren aldetik herritar askoren lanak mespretxatu egin izan diren, eta ez diren inoiz aintzat hartu izan. Traban geundela sentiarazi gaituzue askotan!
Herriko musika taldeen kasuan, lokalen eraberritzearen ondoren –eraberritze kaxkarra!–, 10-15 urte eman genituen Errekaldeko eskolako sotoan zeuden musika lokaletako baldintza negargarriak jasaten! Zure alderdia Udaleko buru zela, gainera. Inolako irisgarritasun neurririk gabe, osasunerako ere kaltegarriak ziren baldintzetan, arratoiz eta hezetasunez lepo zeudelarik!
Beraz, sari gutxiago eta kulturaren esparruan dabiltzanen baldintzak hobetzeko lan gehiago!
Onartzen dut. Litekeena da jeloskor egotea, nik ez baitut Goyarik irabazi –zorionak Aitorri eta lantalde osoari. Bai, horixe!–, baina zein polita den saritua zoriontzea! Gogoratuko zinateke saririk lortu izan ez balu?
Bukatzeko, eta euskal senari ezin eutsiz, etorkizunean Kultura Saririk balego, ona hemen hautagai batzuk:
Antixena gaztetxea, Txosna Batzordea, auzoetako jai batzordeak, eta abar, eta abar, eta abar.
----------
Xabier Elorza Colinas
Oñati