Udal arduradunek aipatu eta hedabide batean jasotakoaren arabera, Udalak Alfontso X.a plaza berritzeko asmoa du, oinezkoentzat jarriz, eta honi benetan proiektu onuragarria deritzogu. Hala ere, eraldaketa burutzeko beharrezkoa da San Juan etxe-multzora sarrera nagusia osatzen duen arkua eraistea. Eta hau da benetan gure gaitzespena pizten duena.
Lehenengo, multzoaren eraikuntzaren balioa azpimarratu behar dugu, plazako sarrera nagusia botatzekotan halabeharrez osotasuna galduko bailuke. 1948an eraiki zen San Juan etxe-multzoa, eta garaiko langile-eraikuntza eredu da. Etxebizitzen xumetasuna hauen erdigunean zabaltzen den patio ireki, lauki eta portikodunak arintzen du. Beraz, interes arkitektoniko eta urbanistiko aipagarria duen multzoa da. Aitzitik, UCEM enpresarekin duen harreman historikoak ere bere balioa azpimarratzen du, hau izan baitzen Arrasateko industrializazioaren protagonista nagusia. Hauexek izan ziren 2016ko HAPOn etxe-multzoa babestu beharreko ondare adieraztea eragin zuten baloreak.
Bigarrenik, gizarte-balio handia duela adieraztea beharrezkoa da, auzoen joan-etorri eta aisi eremua baita, eta arku nagusia eraisteak balore hau sakonki ahulduko luke. Barnealdeko peristilo edo portikodun galeriaz ari gara, atal bat ezabatuz gero meteorologiaren eraginetik babesa galdu gabe buelta osoak ematea ezinezko izango litzateke eta.
Bestalde, Udalak genero ikuspegitik "gune beltzak" direnak konpontzeko duen ekimena azpimarragarria iruditzen zaigun arren, uste dugu San Juan etxe-multzoa mutilatu gabe beste era bateko neurri egokiak hartzea posible dela, hala nola arkupeko argiztapena hobetuz.
Horregatik, San Juan etxe-multzoaren osotasuna mantentzea eta plazako bizilagunen ongizatea udalplanak arrazoituriko onura urbanistiko eta mugikortasunekoak baino garrantzitsuagoak dira eta, beraz, Udalari eskatzen diogu goian aipaturiko eraisketa ez dezala burutu.
-----------------
Xabier Bengoa
Arrasate Zientzia Elkartearen izenean (AZE)
Arrasate