Aretxabaleta eta atez atekoa

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Basabe 2014ko ots. 15a, 00:00

Aretxabaletan ere, Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, hilabeteak dira zaborraren auziarekin gora eta behera gabiltzala, esango nuke jadanik aditu bihurtu garela zaborrak kudeatzeko sistemetan.

Eta ez da gutxiagorako! Izan ere, Euskal Herriak bizi duen garai honetan ez dago ezer garrantzitsuagorik! 

Horrela, bada, Aretxabaletan, 2012ko azaroan, udalak ideien zaparrada deitu zuen, herritarrok zaborra kudeatzeko sistemei buruzko proposamenak egin genitzan. Proposatutako hondakin bilketa sistemak lau baldintza bete behar zituen: derrigorrezkoa, selektiboa, pertsonalizatua eta %80tik gorako gaikako bilketa tasa zuena. 

Uste dut bosgarren baldintza bat ahaztu zitzaiela: "Atez atekoa izan behar da". Baina tira, hala ere, herritar batzuk animatu ginen proposamenak egitera.

Aretxabaletarrok aurkeztutako sei proposamen jaso zituzten, horien artean ez zegoen atez atekoa, itxuraz ez zegoen proposamen horren beharrik edota sistema honen aldekoek bazekiten hau guztia "antzerki" bat besterik ez zela eta proposamena aurkeztu beharrik ez zutela .

Sei proposamen horietatik bakar batek ere ez omen zituen lau baldintzak betetzen, gehienek ez zuten "pertsonalizatu" hori ziurtatzen. Dirudienez, atez atekoak bai! (Egia esan, herritarron borondaterik ez badago, eta beste herri batzuetan bezala, jendeak ohiko zabor poltsa zintzilikario ondora jaurtitzen badu, badute norena den asmatzeko biderik?...).

2013ko apirilean, berriz, udalak deituta, mankomunitateko teknikari eta herritarrekin batera batzar bat egin zen zaborrei buruzko kudeaketaz eztabaidatzeko. Bertan oso garbi gelditu zen herritarrek aurkeztutako proposamen bat bera ere ez zela onartzen. Aurrerago, beste batzar bat egingo zutela ere esan zuten, baina... lehenengoarekin nahikoa izan zaie hasieratik zuten ideia aurrera eramateko.

Kontuak kontu, bilerak bilera, pasa den astean Aretxabaletan atez ateko hondakin bilketa sistema jarriko dela martxan iragarri digute.

Guztiz zilegia iruditzen zait hauteskundeetan gehiengoa lortu zuen Bilduk berari aproposena iruditzen zaion sistema abian jartzea, baina zertarako aurreko "antzerki" hori guztia? Aretxabaletako atez atekoa herriaren parte hartze prozesu demokratiko baten ondorio dela esateko? 

Hurrengo baten, gure agintariok egin ezazue ondoen iruditzen zaizuena, baina ez iezaguzue iritzirik eskatu benetan entzuteko intentziorik ez baduzue, eta aurretik erabakiak hartuak badituzue, politikatik bizi ez garenok ez baitugu denbora alferrik galtzeko!

----------

Xabier Basabe

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak