Gotzon Telleria, larriki gaixo

Ehunka herritar batu ginen duela aste pare bat Joseba Arregi Azpilleta oñatiarraren egoera salatzeko eta aske uzteko eskaria ozenki zabaltzeko Martuteneko kartzela atarian. Azpilleta-k itxita beharko lukeen kartzela erdoil horretan ospatu behar izan zituen bere 75. urteurrena. Aski da. Josebak aske behar du izan!

Oraingoan, Gotzon Telleria herrikidea izan nahi dugu gogoan, Josebaren ekitaldian halaxe izan bagenuen ere. Gotzonen egoera bereziki larria salatzera eta lau haizeetara zabaltzera gatoz, lerro hauen bitartez. Berrogei urte luzez erbesteratuta egon behar izan ondoren, egun, preso dugu Duesoko kartzelan, Kantabrian. Bere etxetik urrun, ehunka kilometrotara oraindik ere 65 urte betetzera doan oñatiarra. Gainera, Gotzonek sendaezina duen gaixotasuna garatu du. ELA gaixotasuna hain justu, alboko esklerosi amiotrofikoa. Halabeharrez, hilabeteetan heriotzara eramaten zaituen gaixotasun sendaezina. Gotzon larriki gaixo dago, eta, gainera, preso. Ezin du egun bat baino gehiago kartzelan egin. Gaixotasuna areagotzea besterik ez dio ekarriko kartzelan jarraituz gero. Are gehiago, egun bizitzen ari garen osasun egoeraren ondorioz, eta, bereziki, kartzelan dauden osasun-baldintza kaxkarrak aintzat hartuz gero.

Denok izan behar dugu salbuespenezko espetxe politika amaitzeko bidearen parte, behin betikoz presoen eskubideak errespeta ditzaten eskatzeko, espetxea ere gure gizartearen zati bat baita. Denon artean, konponbidearen eta bakearen bidean, lortuko baitugu euskal presoen oinarrizko eskubideak betetzea eta gaixo larriek bizi duten sufrikarioa amaitzea. Gaitza baldintza duinetan artatzeko osasunaren eskubidea errespetatua izan dadin, larriki gaixo dauden presoak etxera ekartzea eskatzen dugu.

Gotzon Telleriak bere etxean egon beharko luke, gaixotasunari eta bizitzari ere aurre egiten bere senideekin batera. Horregatik guztiagatik, ozenki eskatzen dugu Gotzon libre utzi dezatela, denbora galdu gabe.

Gotzon Telleria, etxera!

----------

Xabier Arregi Murgiondo

Sare Oñatiren izenean

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak