Urruntze politika gaindituta, gure dinamikak errealitate berrira egokitzeko unea da, baina helburu nagusiari tinko eutsiz: azken presoa, iheslaria eta deportatua etxera itzultzea.
Hemen kokatzen da Helmuga denak etxera dinamika, helburu garbi batekin: 2027ko urtarrilaren 9an, Bilboko manifestazioak euskal presoen aldeko mobilizazio ziklo oso baten amaiera irudikatzea. Sarek borondate argia du: urteetan milaka herritar bildu dituzten manifestazio erraldoiei amaiera ematea, 2027koa azkena izatea lortuz. Izan ere, Sare etorkizun hurbilean beharrezkoa ez izatea da gure jomuga; gure ondarerik onena ez baita erakundea betikotzea, sortu gintuen bidegabekeria behin betiko desagertzen laguntzea baizik.
Ziklo hau ixteko, gizarteak elkarbizitzan aurrera egin nahi duela erakutsi behar du. Urtarrilaren 9ko urratsak konponbidea egia bihurtu behar du, preso guztiak etxeratzean eta biktima guztiak errespetatzean.