Oraingoan, Korrikaren lekukoa eskuetan, preso, iheslari eta deportaturik gabeko edizio baten aldeko nahia indartzeko. Itxaropenerako zantzuak egon arren, salbuespen-neurriek errealitate izaten jarraitzen dute eta oztopo dira konponbidearen bidean, Sarek eta Etxeratek ohartarazi duten moduan.
Euskal gizartearen babes irmo eta etengabearen ondorioz, espetxeak husteko bidean aurrerapausoak ematen ari dira. Egun, 100 preso inguru daude euskal espetxeetan, oraindik ere. Julen Atxurra lekeitiarra izan da askatasuna berreskuratu duen euskal presoen kolektiboko azken kideetako bat, Frantziako Estatuan betetako kondena aitortu ostean eta 30 urteko espetxealdiaren ondoren. Horrek agerian uzten du oraindik ere indarrean dirauten salbuespenezko legeen eta politiken eragina.
Bestalde, joan den astean ezagutu genuen Hilario Urbizu olatzagutiarra, 45 urte Euskal Herritik kanpo eman ondoren, erbestean hil dela. Haren moduan, oraindik ere hamasei dira etxera bueltatu ezin diren errefuxiatu edo deportatuak. Krudela, baita, ETAren jarduera armatuaren amaieratik ia 15 urte igaro ondoren, oraindik ere 50 preso inguru erregimen itxian egotea. Legeria salbuespenik gabe aplikatuko balitz, haietako askok jada kalean egon beharko lukete.
Testuinguru horretan, onartezinak dira euskal presoen aurka bultzatzen diren jazarpen-kanpainak. Horren adibide, Marisol Iparragirrerena: herrira egindako bisita laburra baliatuz, haren aurkako propaganda zabaldu zuten bertara hurbildutako Revuelta talde faxistako kideek. Egoera horren aurrean, beharrezkoa da euskal presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratzearen aldeko mobilizazioei eusten jarraitzea, etxerako bidean oztopo diren lege eta politikak salatuz, konponbidearen, bakearen eta bizikidetzaren alde ekiteko.