Bertan eztabaidatu zen euskal gatazkaren eta mundu mailako besteetan ere gakoak diren –eta, era berean, konponbiderako prozesuaren helburuak ere badiren– hiru kontzeptu nagusien gainean: konponbidea, bakea eta bizikidetza.
Gaur egun bizi ditugun garai nahasiek erakusten digute beharrezkoa dela, inoiz baino gehiago, bakerako kultura garatzea, kultura humanista garatzea. Gatazkak elkarrizketaren eta irmotasun bidez konpontzeko benetako prozesuak ahalbidetuko dituena, zeinetan egia, justizia eta erreparazioa bilatzea eta lortzea izango den elkarrekin egin beharreko bidea.
Hemen, Euskal Herrian, benetako bake-prozesurik ez dagoela esan daiteke. Ez da abiatu ere egin gure inguruko ehun sozio-politikoa osatzen duten eragileen artean adostutako prozesurik. Gizartearen partetik eginiko presioari esker egin dira urratsak, konponbideari begirako aurrerapen esanguratsuak ahalbidetuz, hala nola euskal presoei aplikatutako urruntze eta sakabanatze politikaren amaiera, hainbeste sufrimendu eragin duena. Edonola ere, gogoratu behar da 34 urte behar izan direla urruntze politika maltzur hori bertan behera uzteko. Testuinguru horretan, oraindik ere mendeku instituzionalean oinarritutako lege bidegabeek espetxean mantentzen dituzte legeak eskatzen duen zigorra bete duten preso asko.
Horregatik, eskubide-kontua delako, zuzenbide-estatu batean bermatuta egon beharko lukeena, ezin dugu onartu eskubide horiek urratzea. Benetako bake-prozesurik ezean, pertsona guztien eskubide guztiak defendatzen jarraitu behar dugu, eta Euskal Herrian konponbidearen, bakearen eta bizikidetzaren aldeko apustua egiten jarraitu, egoera ezin baita denboran gehiago luzatu. Asmo horrek elkartuko gaitu Bilboko kaleetan urtarrilaren 10ean.