Izan ere, duela 10 urte jaio zen Sare, eta, luzeegia izan den ibilbidean eginikoak gogora ekartzeaz gain, herri honetan oraindik ere bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren auziari aterabide osoa emateko konpromisoa berretsiko dugu.
12 urte igaro dira dagoeneko ETAk bere aktibitate armatuari amaiera emateko erabakia hartu zuenetik. Denbora nahikoa baino gehiago jarrerak eta legediak eraldatzeko. Izan ere, Artzain Onaren atarian eginiko agerraldian plazaratu genuen bezala, urruntze politikaren gainditzeak ez du berariaz ekarri euskal presoen eskubideen urraketaren amaiera. Fiskaltzak eta Justiziak, botere politiko bilakatuta, EAEko agintarien eskudunen espetxe politika ezbaian jarriz gradu progresioen eta espetxe-baimenen erabakien kontra dihardute. Horren lekuko da 78 urte dituen Joseba Arregi preso oñatiarraren kasua: haren bizitzaren 32 urte baino gehiago preso igaro ondoren, hirugarren gradua eskuratu eta berehala espetxeratu dute, bigarrenez; edo Joseba Borderen eta Juan Karlos Subijanaren aurka jarritako helegiteak: biak hirugarrenez espetxera itzularazi dituzte.
Oraindik ere preso dituzten 134 euskal presoen eskubideak urratzeko baliatzen diren salbuespeneko jokaerei eman behar diegu amaiera. Eta bide horretan dihardugu, tinko, giltzak gure eskuetan ditugula sinistuta. Horregatik, elkarrekin egindako urratsak gogora ekarri eta ospatu nahi ditugu domekako ekitaldian; besteak beste, atzeraezinezko bidean jarri gaituzten urratsak, gainditu ditugun etapak eta esparru politikoan, sindikalean zein sozialean lortutako kontsentsuak. Giltzak eskuan hartuta, etor zaitez Donostiara!